Nafar Hizkuntza
Castillo Suarez: "Birigarro baten antzekoa naiz, pasakoa, negukoa, uherra baina kantuan ona"
Tokiekin lotzen gaituzten hari ikusezinez, oroitzapenez eta iraganeko maitasunez idatzi du Castillo Suarez poetak ‘Alaska’ liburua (Elkar)

Publicado el 06/03/2023 a las 20:20
Nafarroa eta Gipuzkoa artean dago Alaska, Etzegaraten hain justu ere. Hotel eta jatetxe bat zen, garai batean bidaiariz eta turistaz betea; igerilekua zuen eta Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuen. Baina gero betirako hustu zen, eta gaur horrela darrai, abandonatuta. Castillo Suarez (Altsasu, 1976), Arbizun bizi den idazle, euskaltzain eta idazlea, hara joaten zen umetan, eta leku dotore eta goibel horren eskutik abiatu du bere azken poema liburua, 'Alaska', bertan maite izan ditugun pertsona zein tokiei lotuta dauden galeraz idazten baitu.
Tramankulu literario bitxia da Alaska hau, poema bilduma bat da baina elkarrekin ikusita narrazio bat osatzen dute poemek baita ere, neska nostalgiko baten istorioa kontatzen duena. Zuk sentitzen dituzun hutsuneak erabili dituzu liburua osatzeko?
Nire azken aldiko idatzietan gogoeta egiten dut lurraldeen eta pertsonen arteko loturez. Baina ni baino lehenago Maddi Barberrek egin zuen horri buruzko hausnarketa artistikoa, bere kasuan, Itoizko urtegiak urpean u-tzi zituen bazkalekuei eta herriei buruz. [Barberrek hainbat filme egin ditu ideia horren inguruan]. Hori nirera ekarriz, nire haurtzaroko paisaia zegoen hotel elegante batean kokatu dut liburua, Alaska izenekoa, errepidearen trazatua aldatu zenean itxi eta gaur egun abandonatuta dagoena.
Alaska zure Rosebud-a da? Denok daukagu bat?
Denok daukagu Rosebud bat. Alegia denok dugu objektu edota toki bat erdizka gogoratzen duguna, baina gure memoriari iltzatuta dagoena, bizirauteko behar duguna. Oroitzen duguna inoiz ez dugu zehatz-mehatz gogoratzen gure buru-bihotzek moldatu egiten baitute. Eta hori bera egiten du literaturak: errealitateko zein memoriako osagaiak hartu eta nahieran aldatu.
Haurtzaroan hotel horren ingurura joaten omen zinen, gaur bere hondakinak baino ez dira ikusten. Zer gertatu da zure bizitzan bi momentu horien artean?
Uste dut pertsona hobea naizela, eta esango nuke idazketak eta idazketaren bidez ezagutu ditudan pertsonek egin nautela malguagoa, ulerkorragoa, indartsuagoa eta enpatikoagoa. Ber gisan, badaude nire izaera definitzen duten ezaugarri batzuk aldatu ez direnak: dezepzionatzen nauenarekin errukirik ez dut, eta ez zait denbora galtzea gustatzen interesatzen ez zaizkidan pertsonekin.
Zertaz mintzo da, adibidez, hango igerileku bakartiak? Non egongo egongo da bertan lan egiten zuen mutil kaskagorria?
Duela gutxi joan nintzen eta ikusi nuen igerilekua estalita dagoela. Jatetxea, ordea, erabili zen azkeneko egunean bezala dago: mahaiak atonduta. Berdin da non dagoen mutil kaskagorria. Irakurtzen jarraitzen duen ere ez du gehiegi axola. Gauzek eta pertsonek ezagutu genituen unean eta tokian dute esanahia.
Min egiten dizu iragana gogora-tzeak?
Bizitzak erakusten dizu maiz ez zaudela maite duzun jendeaz inguratuta, haiek zu maite ez zaituztelako edo galdu dituzulako -eta galerarik atzeraezinena heriotza da-. Esan dezaket oso deportiboa naizela galerekin, errazki onartzen ditudala. Baina egia da idazten hasi nintzenez geroztik memoria dela nire gai maiteenetako bat, beharbada nahita ere ezin ditugulako gauza batzuk ahaztu.
“Bizitzea da maite gaituztenak galtzea eta berriz bilatzea”, diozu. Ez al da nekagarria?
Nik ez naiz etsitzen duten horietakoa eta nire antzekoak direnak maite ditut. Etengabeko bilaketa da niretako bizitzea eta, alde horretatik, poesia idaztea. Berri Txarrak musika taldearen road manager-ak esaten zuen geratzeak hiltzea dakarrela. Muturreko baieztapen bat irudi lezake, baina nire egiten dut.
Hotza eta neguarekiko maitasuna ikusten da orrialde hauetan, udan hizketarako gogoa galtzen duzula diozu. Zure liburuak neguan idazten dituzu?
Maiz esaten dut birigarro baten antzekoa naizela, pasakoa, negukoa, uherra baina kantuan ona. Hotza maite dut, eta diskrezioa. Hori esanda, beharbada udan naiz emankorren idazketari dagokionez, denbora libre gehiago daukadalako, ez eguraldia hobea delako.
Liburuak, elurra, lagunak eta auto on bat, hori da zoriontasunerako poker irabazlea?
Askoz gehiago ez da behar zoriontasuna deitzen dugun hori ezagutzeko. Elurra gero eta gutxiagotan egiten du gurean, baina gero eta lagun gehiago ditut -eta galtzen ditudanean ere, errazago onartzen dut galera-, eta nire liburuen bilduma gero eta handiagoa da. Auto deportibo batean ibiltzen naiz; edo noranahiko batean, beharrezkoa badut. Normalean bakarrik joaten naiz, eta askotan poemen lehen lerroak etortzen zaizkit burutara gidatzen ari naizenean.

'ALASKA'
Egilea: Castillo Suárez
Argitaletxea: Elkar
Orrialde kopurua: 72
Prezioa: 13,50 euro