Iker Alvarez, itzultzailea:“Interpretagarriagoa den Yukio Mishima bat aurkitu dut”
Japonian bizi den itzultzaile iruindarrak Yukio Mishimaren ‘Maskara baten aitortza’ euskaratu du Igela argitaletxearekin. “Orduko Japoniaren irudia goitik behera aldatu zitzaidan, eta Mishimarena ere”, dio lan honetaz.


Publicado el 07/08/2023 a las 06:00
Eguzki sortu berriko herrialdeak haurretatik arreta deitu zion: “Marrazki bizidunek erakusten zuten Japonia horrek, desitxuraturik agertzen bazen ere, marrazkiek beraiek baino gehiago erakartzen ninduen”, kontatzen du Iker Alvarez itzultzaileak (Iruñea, 1991). Duela sei urte, Tokiora bizitzera joan zen. Pandemia betean, Yukio Mishimaren 'Maskara baten aitortza' (1949) euskarara itzultzen hasi zen.
Pasa den ekainean, Igela argitaletxeak Donostian aurkeztu zuen eleberri hau. Bigarren Mundu Gerraren osteko urteetan kokatua, desira eta sexualitatearekiko zalantzen eleberri autobiografiko hau “fenomeno” bihurtu zen, batez ere “eztabaia berriak” ekarri zituelako. Mishima hirutan izan zen Literaturako Nobel Sarirako hautatua, baina ez zuen sekula jaso. Dylan Thomasen antologia bat itzulitakoa, Alvarez manga bilduma euskaratzen dabil, Harriet argitaletxearen eskutik. Euskal Filologian lizentziatua, Nazioarteko Marketinaren arloan lan egiten du.
Aurretik irakurrita al zenuen Yukio Mishimaren obra?
'Kinkakuji' ('Urrezko pabilioia') irakurri nuen aspaldi, gazteleraz, eta zeharo liluratu ninduen. Pandemia betean, japonieraz Mishima irakurtzeko maila nuela iruditu eta bere lehenbiziko nobela luzea den honekin, 'Maskara baten aitortza'-rekin hastea erabaki nuen. Erdibidean nengoela, baina, idazkeraren gordintasunak eta ideien indarrak irakurketan ahal beste sakontzeko gogoa eman zidaten, eta hori nire kasuan itzultzearekin loturik dator, nolabait.
‘Maskara baten aitortza’-k gaztetxo baten loratzea kontatzen du, gizarte inperial eta militarista batek markatzen dizkion muga guztiekin. Gatazka indartsua, ezta?
Ezin ukatu. Iruditzen zait, ordea, Japonia askotan herrialde kontserbadore edo tradizional baten gisara irudikatzen dela historikoki, nahiz eta, beharbada, garai bereko (1925-1950) europar herrialde ustez aurrerakoi batek baldintza latzagoak ekarriko lizkiokeen pertsona homosexual bati, esaterako. Ez, berez, gizarte irekiagoa zelako egungo irizpideetan, baizik eta tabu eta preskripzio sozial ezberdinetatik datozelako, nik uste. Gero, esango nuke 'Maskara baten aitortzan' aurkitzen dugun gatazka barne-gatazka bat dela, gizarte-gatazka bat baino gehiago. Noski, bere burua onartzen ez duen pertsona baten atzean dimentsio soziala ere badago, baina pertsonaiaren arrazionalizazioak dira foku nagusia.
Itzultzaile batentzat garrantzitsua da egilearen larruan jartzea. Mishimaren buruan sartu ondoren, nola definituko zenuke pertsonai gisa?
Zaila da Mishimari haren heriotzetik ez begiratzea, Angel Errok gibelsolasean dion bezala [Mishimak ‘seppukuaz’ hil zuen bere burua]. Oharkabean, nik ere irudi horren eraginpetik ikusten nuen: ultraeskuindarra, militarista, jeinu zoroa... Alabaina, liburua hobeki ulertzeko garai hari buruz dokumentatzen hasi nintzenean, batetik orduko Japoniaren irudia goitik behera aldatu zitzaidan, eta bestetik Mishimarena ere.
Zer zentzutan?
Testuinguru historikoaren berri banuen, baina ezer gutxi nekien orduko japoniarren bizimoduaz, musikaz, zinemaz, pentsamenduaz... Garaiko iturriekin kontaktu zuzena izan eta gero, konturatu nintzen nire irudiaz oso bestelako gizarte bat zela, edo, zehazkiago esanda, oso bestelako pertsonez osatutako gizarte bat zela. Eta, hortik abiaturik, interpretagarriagoa den Mishima bat aurkitu dut. Edertasuna eta egiarekin obsesio bat duen gazte bat da Mishimaren pertsonaia hau, jakin-min kartsukoa. Kontua da, berak dio, jakin-minak ez duela moralaren berri, eta hortik datozkigu besteekin elkar ulertzeko arazo ugari.
Lander Majuelo editoreak Mishimaren idazketa “fina eta sotila” nabarmendu du. Literarioki, zure ustez zeintzuk dira Mishimaren berezitasunak?
Indar lirikoa eta erretorikoa gorputz batean nahastea, nik uste. Nahieran moldatzen du idazkera, baina nagusiki bi itxura atzematen dizkiot bere prosari: abokatu batek prosaz berridatzitako poema bat dirudiena, eta poeta batek moldatutako narrazio objektibo bat ematen duena. Fintasuna uneoro izaten da, baita kontatzen diren gertaerak batere samurrak ez direnean ere, baina arrazoiari eutsi nahi dion erretorikotasun puntu bat ere bai.
Zer da japoniar kulturatik gehien miresten duzuna?
Eguneroko gauzak arinak izatea. Horrela izan dadin arazo astun samarrak sortzen dira batzuetan, baina uste dut hemen bizi garen guztiak preziatzen dugun zerbait dela. Zaila da azaltzea, baina iruditzen zait hemengo bertuteak eta kontraesanak naturalki datozela nirekin. Mishimak “halabeharra” deituko lioke, agian.
Aurrera begira, ze egile japoniarra gustatuko litzaizuke euskarara ekartzea?
Bada pista bat utzi dut aurreko erantzun batean. Horretatik aparte, egia esan, badut ia jarraian itzuli nuen beste liburu bat, garai beretsuko Dazai Osamuk idatzia. Bestetik, nobela baterako ideiak biltzen ari naiz, baina ez dakit gauzatzeko kapaz izango ote naizen.