Nafar Hizkuntza
'Aranburugoitiarrak' ikuskizuna, aste honetan Lakuntzan eta Iruñean
Lorena Arangoa eta Xabier Artieda antzezle sakandarrak bi herri kirolari dira ‘Aranburugotiarrak’ ikuskizun umoretsuan, herriko plazetan taularatzen ari direna. Aste honetan bi emanaldi eskainiko dituzte, asteazkenean Lakuntzako plazan eta ostiralean Gaiarre Antzokiaren aurrealdean


Publicado el 25/08/2025 a las 05:00
Lorena Arangoa eta Xabier Artieda aspalditik ezagutzen ziren elkar, “oso gustoko dugu bata bestearen energia”, esaten du Arangoak, ibilaldi luzeko antzezlea, batez ere klown eremuan. Joan den urtarrilean, Arangoak eta Artiedak, biak sakandarrak, elkarrekin lan egiteko aukera aurkitu zuten, udako kale ikuskizun bat prestatzeko asmoarekin. Horrela jaio zen Aranburugoitiarrak kale ikuskizun dibertigarri eta lotsagabea. Uztailaren 5an Areson estreinatu zuten, eta geroztik hainbat lekutan antzeztu dute: herriko plazetan, frontoietan edo soroetan. Oinak hodeietan zikloan parte hartu ondoren, heldu den asteazkenean Lakuntzako plazan arituko dira (19:00 etan), eta ostiralean Gayarre Antzokiaren aurrealdean an-tzeztuko dute (emanaldi hau elebiduna izango da).
Nola hasi zineten lanean?
Barregurea sortzen gaituzten gauzak antzekoak dira, baina gure estiloak nahiko ezberdinak. Hasieran ideiak pentsatzen hasi ginen. Niri, betidatik, herri kirolen mundua asko gustatu zait, beraz pentsatu genuen: eta gure pertsonaiak herri kirolariak baldin badira? Bestalde, herri kirola oso gurea den zerbait da. Hasi ginen probatzen eta oso gauza interesgarriak ateratzen ziren. Herri kirolen mundua serioski hartzen den zerbait da: apostuak egiten dira, eta asko jokatzen da, bai fisikoki, bai mentalki. Herri kirolen munduak joko asko ematen du.
Zure kasuan, nolakoa izan da herri kirolekin izandako harremana?
Nire ama Allikoa da, Lekunberri ondoko herri batekoa. Txikitan, festetan, beti egiten ziren aizkora apostuak, sokatira… Ni neu ere Sakanako harri jasotzaile eskolan probatu nuen. Pare bat edo hiru aldiz joan nintzen, baina bizkarra txikitu egin nuen (farra egiten du). “Hau ez da niretzat!”, pentsatu nuen.
Nola prestatu zarete herri kirolari hauen larruan sartzeko?
Gehienbat bideoak ikusten: adibidez, harriak jasotzen dituztenean, ze nolako jokua egiten duten harriarekin, kontzentrazio aurpegi horiek… Plazetara ere joan gara. Nik Sanferminetako herri kirolak ikustera joan nin-tzen, apunteak hartzen nituen. Interesgarria da herri kirolen mundu hau ezagutzea. Erakustaldi bat dagoenean, adin guztietako publikoa hurbiltzen da: umeak, gurasoak, aiton-amonak... Hori oso polita iruditzen zait. Azkenean, herri guztia inplikatzen da.
Aranburugoitiarrak Bittori eta Joxemiel anai-arrebak dira. Nolakoak dira pertsonai hauek?
Herri kirolarien mundutik datozte, familia ospetsu batetik, eta baserrikoak dira. Beraiek nahiko traste ibili arren, arrakasta jaso nahi dute. Ikuskizun honetan, haien lehenengo plaza eguna da. Oso txukun agertzen dira, harriak jasotzeko txalekoak plantxaturik... Hasiera batean emozionatu egiten dira, ez dute sinesten horrenbeste jende etorri denik haiek ikustera. Badute gauzak ondo egiteko asmoa, baina, egian esan, Bittori eta Joxemiel nahiko torpeak dira.
Emanaldian zehar, zer nolako tresnak erabiltzen dituzue?
Adibidez, enborra mozteko aizkora, sokatira egiten dugu... Eta, noski, harria jasotzen saiatuko gara.
Umorearen aldetik, zer azpimarratuko zenuke?
Ni clownetik nator, eta Xabi an-tzerki fisikotik. Bion artean sortu den nahaste hori oso interesgarria izaten ari da. Inprobisaketa martxan jarriz, hortik ideiak atera ditugu. Muntaia prest geneukanean, Ion Barbarin deitu genuen. Azkeneko txanpan, fisikoki kaña asko sartu zigun, eta pertsonaien harremana gehiago landu genuen.
Lehen clowna aipatu duzu. Nolakoa izan da zure ibilbidea arlo honetan?
Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi nuen. Hor ezagutu nuen klowna, orduan Patxi Larreak klown ikasketak ematen zituen. Ibizako Bonts klown eskolan egon nintzen, Eric de Bont maisu holandarrarekin. Gero Nafarroara etorri nintzen, bakarkako klown antzezlan bat muntatzeko gogoekin, eta nire lehenengo ikuskizuna estreinatu nuen, Nirebaitatutik / Enmismada, Patxi Larreak zuzendutakoa.