Nafar Hizkuntza
'Alepoko zazpi pediatrak', haurrentzat gerra irudikatzearen erronka
Raquel Samitier Iruñeko ilustratzaileak Txabi Arnal eta Edu Zelaietak idatzitako ‘Alepoko zazpi pediatrak’ liburuarentzat irudiak egin ditu


Publicado el 28/07/2025 a las 21:06
Liburu edo proiektu bakoitza abentura berri bat bezala ikusten du Raquel Samitier Iruñeko ilustratzaileak. “Testu bakoitzak materiale ezberdin bat eskatzen dit, estilo diferente bat, marrazteko era bat”, azaltzen du. Liburu bakoitzean gauza berri bat egiten du, horretan saiatzen da behintzat, baina bere azken proiektuak planteatzen ziona erronka berezia izan da: nola marraztu gerra umeentzat?
Txabi Arnal Gilek eta Edu Zelaietak istorio dibertigarriak idazten dituzte normalean baina behin irakurri zuten Alepoko azken pediatra bonbardaketa batean hil zela eta beraien buruari galdetu zioten segidan: zenbat pediatra zeuden Alepon? Nola hil ziren? Nola bizi ziren? Horrela jaio zen Alepoko zazpi pediatrak liburua. Elkar argitaletxetik, ondoren, Raquel Samitierri liburua ilustratzeko proposamena luzatu ziotenean, honek segituan esan zuen baietz, testua irakurtzean liluratuta gelditu zen eta.
Arte Ederretan eta Humanitateetan lizentziatua, duela urte batzuetatik hona liburuak ilustratzen ditu Samitierrek, baina orain arte ez zuen inoiz horrelako gai latzei aurre egin. “Gai horrek errespetua ematen zidan”, onartzen du Samitierrek. Eskuz edo era digitalean marrazkiak egiterakoan karikatura kutsu bat ikusten zien bere irudiei, gaiaren azalean gelditzen zirela iruditzen zitzaion. “Gerra giro bat irudikatu behar nuen eta hori erraztuko zuten materialeak topatu”, dio. “Ikatz-zirira etorri zitzaidan burura, orduan, ikatz marrazkien egiturak suntsipen giroa oroitarazten didate”, azaltzen du.


Raquelek hainbat materiale erabili izan ditu liburuan. Gero, beraiekin eta hainbat paper ebakinekin, irudiak konposatzen zituen eta argazki bat atera. Horrela materialea bertan jarraitzen duela sentitzen du. “Benetakoa da, ez da nik egin dudan marrazki bat, baizik eta benetakoa den zerbaiten argazkia, gerra bezala”, dio. Materiale horien artean semola eskukada bat erabili izan du, adibidez, liburuko pertsonaiek egunero semola jaten zutela kontatzen dutenerako.
Samitierrek sentitzen zuen irakurlearentzat materiale horiek ikutzea posible zela. “Gerra bezala, benetakoa da, esistitzen daa, nahiz eta gugandik urrun daukagun”, azaltzen du. “Marrazkia eta bere estetika sartzeko nire modua izan da hau, fribolizatu edo karikaturizatzen nagoela sentitu gabe”.


Koloreak ere era berezi baten antolatu ditu. Eszenatokiak beltzak eta ilunak dira, ikatz-ziriaz eginak; liburuan zehar agertzen diren pediatrek puntu zuria ematen diote orrialdeei eta haurrak, azkenik, kolore biziekin osatu ditu. “Umeen koloreak itxaropena eta poza adierazten dute”, azaltzen du.
Lana zaila izan da. Azken finean, egoera latz hauen gainetik itxaropen puntu bat ere eman nahi izan die ilustrazioei. Hori izan da liburuaren erronka nagusia. “Hondamendian fantasia dago”, laburtzen du berak. “Roberto Benigniren La vita è bella filmearen antzeko zerbait da, haur munduari lekutxo bat egiten dio, fantasiari, koloreari, baina guzti hori hondamendian kokatuta, gerra hor dago”.
Beste seiak asmatutakoak dira baina egia da liburuan agertzen den Mohammed -Mohammed Wasim Moaz- Alepoko azken pediatra izan zela. Al Quds ospitalean egiten zuen lan Mohammed, bertan izandako eztanda ikaragarri batek Alepo mutu utzi zuenean; magiaz, saltoz eta irriz betetzen ziren Alepoko kontsultak bonbek eta misilek suntsitu zuten arte.
'ALEPOKO ZAZPI PEDIATRAK'
Testua: Txabi Arnal eta Edu Zelaieta
Ilustrazioak: Raquel Samitier
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Kuku
Orri kopurua: 52
Salneurria: 11,40 euro