Literatura
Nobela beltzaren lagunak bueltan dira Baztango (H)ilbeltzan
Koldo Biguri, Beñat Hach Embarek, Marga Andurain, Marian Fernandez eta Koldo Almandoz izango dira Baztanen urtarrilaren 24tik 30era, besteak beste


Publicado el 17/01/2022 a las 06:00
Zinemaren historiaren plano sekuentzia famatuena omentzen du (H)ilbeltzak aurtengo edizioa iragartzeko. Orson Welles-en 'Gaizkiaren ukitua' ('Touch of Evil', 1958) filmaren hasiera gogoratzen du Bira Produkzioak egindako bideoak, bonba bat auto baten behekaldean erantsi eta kamarak ibilgailua jarraitzen duenekoa, leherketa noiz gertatuko den zai. Oraingoan, hori bai, Erratzuko kaleetan errodatu dituzte irudiok, Baztanen egingo baitu eztanda datorren astelehenean, hilak 24, Euskal nobela beltzaren asteak, bere ohiko formatuan. Iaz ez zuten lortu, pandemiaren eraginez, urte osoan zehar banatu behar izan zuten antolatutako jarduerak.
(H)ilbeltza bekaren irabazlea den Koldo Biguri idazleak emango dio hasiera egitarauari datorren astelehenean (19:30etan) Arizkungo Medikuaren etxean, 'Agur, maitea, ikusi arte' nobelari buruz hitz egiten. Liburua, Massimo Carlottoren 'Arrivederci amore, ciao' nobelaren itzulpena da (euskaraz Txalapartak argitaratua). Bertan, Carlottok ustelkeriaren gizartea agerian uzten du, Italia garaikidearen kritika sozial gogorra eginez.
Asteazkenean, Euskal gaizkileak podcastaren txanda izango da. Beñat Hach Embarek-ek zuzenduriko solasaldia 19:00etan egingo dute Anizko Mendiarte elkartean. Ostiralean, Marga Andurain abenturaren gurpilean solasaldia eskeiniko du Ainize Madariagak, 19:00etan Elizondoko Arizkunenean. Marga Andurain (1893 - 1948), Baionan jaiotako abenturazalea eta espioia izan zen. Cairon bere senarrarekin batera edertasun zentro bat eta geroago Palmiran hotel bat ireki zuten. Senarrarekin batera nobiliar titulu bat asmatu zuten, zenbait girotan sartzeko eta poliziarekin arazoak ekiditzeko. 1933an Mecako hiri sakratura sartzen zen lehen emakume europearra izan nahi zuenez, beduino batekin ezkondu zen, baina atxilotu ondoren harem baten sartu zuten lehengo, eta Arabiako kartzela batean ondoren, senar beduinoa hil zenean. Heriotz zigorra jaso zuen baina bizirik irten zen. Opioarekin trafikatu zuen nazien Parisen eta 55 urterekin itsasoan desagertu zen Tanger ondoan.
Hilaren 29an, larunbatarekin, 11:00etan mahai-ingurua egingo dute: Beltzak argitara ekitaldian. Bertan, 'Hondar Ahoak' euskal telesaila beltza izango da hizpide, Marian Fernandez ekoizlea eta Koldo Almandoz zuzendariaren eskutik. Elizondoko Arizkunenean. Hondar ahoak Txintxua ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako thriller telesaila da. Euskal kostaldeko arrantza portu batean gertatutako intrigazko istorioa kontatzen duen lau ataleko telesail laburra da, eta aktore nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy dira, itsasontzi bateko patroiaren desagerpena ikertzen duten ertzainen paperean. Ondoren, 14:00etan, bazkaria egingo dute Erratzuko elkartean. Eta bazkal ondotik, Itxaro Bordaren 'Euri zitalari esker' liburuaren aurkezpena egingo dute, Ane Gartziaren gidaritzapean. Iluntzean, Susmagarrien gaua egingo dute, euskal nobela beltzaren astearen osagairik arrakastatsuenetako bat, Erratzungo kaleen barna.
Igandea, jaialdiari amaiera emateko, bi ekitaldi izango dira. 11etan, Iruritako plazan hasita, Itzuli beltza egingo dute, Lubakietako oroiminak izenburuarekin. Arratsaldean, 19etan, 'Frankenstein agurgarria' emanaldia eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak: 'Gutun musikatua Viktor Frankensteini'.