Zinea
Igor Legarreta zuzendaria 'Inurri itsuak' western tragikoa filmatzen ari da
Paraje ikusgarriak eta dekoratu handiak erabiliko ditu Iruñean bizi den zinegileak Ramiro Pinillaren eleberria zinera eramateko


Publicado el 31/03/2025 a las 05:00
Igor Legarreta, Iruñean bizi den zinemagile bizkaitarra, luzemetrai berri baten errodajea hasi berri du. Martxoaren 13an hasi ziren 'Inurri Itsuak' pelikularen filmaketa, Legarretaren hirugarren film luzea, 'Ilargi guztiak' eta 'Cuando dejes de quererme' zuzendu ondoren. Hamar aste iraungo du filmaketak, maiatzaren erdialdera arte, Bizkaiko hainbat tokitan (Bilbo, Elorrio, Galdakao, Getxo, Gorliz, Sagasta, Mundaka); bertan Euskal Herriko paraje natural ikusgarrienetako batzuk eta dekoratu handiak uztartuko dira.
Filmak 1935 urteko Bizkaian kokatzen da. Denborale gogor baten ondorioz, ikatz-tonaz beteriko itsasontzi ingeles batek hondoa jo du. Gauez, Algortako bizilagunak itsasertzean pilatzen dira urre beltza eskuratzeko. Sabas Jaureguik aukera paregabe ikusi du gertakari horretan; Josefa emaztearentzat, zantzu txar bat da. Emaztearen erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitz bortitzerantz eramango ditu seme-alabak. Familiak pentsaezina egingo du negutik salba dezakeen edo betirako kondena dezakeen ikatza babesteagatik
Filmaren protagonistak honakoak dira: Urko Olazabal ('Maixabel', 'Soy Nevenka'), Itziar Ituño ('La casa de papel', 'Intimidad'), Josean Bengoetxea ('Balenciaga', 'Errementari'), Miren Gaztañaga ('Los últimos románticos', 'Ane'), Unax Hayden ('20.000 erle espezie', 'Irati') eta Patxi Bisquert ('Oreina', 'Tasio').
Euskaraz idatzi dute gidoia Legarretak eta Andoni de Carlosek ('Altsasu', 'Handia'). Inurri Itsuak Ramiro Pinillaren 'Las ciegas hormigas' eleberrian dago oinarrituta, XX. mendeko 30eko hamarkadako Espainiako biziraupen-historia bat, 1961ean Nadal Saria merezi izan zuena.


“Ramiro Pinillaren eleberria irakurri nuenetik, pantaila handira eraman nahi izan dut zoritxarrarekiko erresilientziari eta gizakiaren biziraupenaren aldeko betiereko borrokari buruzko istorio zirraragarri hau, humanismoz beterikoa”, dio zuzendariak. “Filma landa-giroko western tragiko bat izango da, pertsonaia handiak izango dituena. Gaurkotasuneko gai bat duen drama historikoa; esaterako, pobrezia energetikoa testuinguru duen gaia”, gainera-tzen du Legarretak.
Ekoizleen hitzetan, berriz, “Inurri itsuak filmak garai erabakigarri baten deskribapena egiten du, eta baliabide gutxiko familia bat baliatzen du horretarako. Familia negu gordinerako prestatzen saiatzen da, kostaldean hondoa jota dagoen zamaontzi bateko ikatza bilatzera joanda. Hortik aurrera, biziraupen-thriller bihurtzen da istorioa, ardatz izanik familiaren borroka naturaren eta patuaren ezbeharren aurrean. Istorio on guztiek bezala, oso egoera lokal eta zehatz batetik abiatuta, gai gizatiarrekin eta unibertsalenekin konektatzea lortuko duen filma da. Film hau erronka zirraragarria da proposamenaren asmo handiagatik; horretarako, Igor Legarretaren sentsibilitate berezian dugu konfiantza osoa, istorioak kontatzeko pultsu zinematografiko paregabea duen zuzendaria izanik. Gure iritziz, Inurri itsuak ikusleen bihotzean arrastoa utziko duen esperientzia zinematografikoa izango da”.
Ekoizleak honakoak dira: Bruja del Norte Films, AIE; Lamia; Lazona Zinema; Lazona Producciones; Sideral Cinem eta Buendía Estudios Bizkaia; Caviar Antwerp BV-rekin koprodukzioan.