‘Zeozer gaizki doa’. Poemario honen izenburua ez du sentsazio baikorrik ematen...
Argi eta garbi dago mundu honetan zeozer gaizki doala. Sistema kapitalista honen ondorioak gero eta hurbilago sentitzen ditugu, adibidez, kutsadura. Beste aldetik, gauza onak eta argitsuak ere badaudela azaldu nahi nuen. Poema hauen tonua ironikoa da batzuetan, besteetan argiagoa, eta beste batzuetan komikoa. Hasiera batean, beste izenburu batzuk neuzkan buruan. Nire ustez, 'Zeozer gaizki doa' bazeukan misterioa eta baita ere liburua borobiltzen duen gaia da. Poemarioa hiru ataletan banatuta dago, bakoitza bere azpitituluarekin.
Adibidez, ‘Hiltzear dagoen planeta batentzako soinu banda’.
Bai, edo 'Tomateak loratu dira Helsinkin'. Hasiera batean, liburu hau ‘Irla’ deitzeko asmoa neukan. Hong Kongen nengoenean hasi nintzen liburua idazten, 2015an. Irla txiki batean bizi nintzen eta egunero ferrya hartu behar nuen. Orduan itsasoa plastikoz beteta ikusten nuen. Hor hasi nintzen kutsadurari buruzko olerkiak idazten. Gero beste olerki batzuk idatzi nituen Indonesian, orduan ere irla batean nengoenez. Azken zatia Londresen idatzi nuen, konfinamenduan, guztiok irla batean bezala geundenean.
Poema batzuetan dena aldatzen da kolpe bakar batean.. Adibidez, lehenengo olerkian zure aitaren zoriontasunaz hitz egiten duzu, baina azkeneko lerroan zeozer gaizki doala esaten duzu.
Bai, badira kontraesanak. Adibidez, ‘Tomateak loratu dira Helsinkin’ oso ideia baikorra eta ederra da, baina aldi berean etorkizun beldurgarri baten adibidea. Ez da normala Helsinkin tomateak loratzea... Beraz, esaldi beran kontraesana badago: alde batetik, edertasuna eta bizitza, eta beste aldetik, beldurra eta misterioa. Azken batean, kontraesanez betetako munduan gaude. Nire bizitza ere kontraesana hutsa da: etorkizunaren beldur naiz, baina aldi berean nire bizitza eroa da: hilabetero bidaiatzen dut eta nire bizimodua ez da batere naturan errotuta. Beraz, ironia eta kontraesanak dira liburu honen hari nagusiak.
Beste poema batean ‘munduaren amaieraren soinua’ aipatzen duzu. Planetaren egoera liburu honen kezka nagusia da?
Nire bikoteak beti galdetzen dit: baina zergatik idazten duzu horri buruz eta ez maitasunari buruz? Ba sentitzen dudanari buruz idazten dut, eta azken sei urte hauetan gure planetaren egoera honek da gehien kezkatzen nauena. Egunero pentsatzen dut honetan. Bai, maitasuna ere inspiratzailea da, baina zaila egiten zait maitasunari buruz idaztea.
Poema batzuk zure aitari eskeinitakoak dira.
Egia esan, liburu osoa “Fernandori olerkiak” dira [hasieran aipatzen du]. Berak nire adina zeukanean (32 urte) olerki liburu bat idatzi zuen, 'Calles poco transitadas', eta niri eskaini zidan: “Poemas para B”. Orduan etortzear zegoen munduari buruzko poemak baziren. Nire aita mundu horren beldur zela ikusten zen; adibidez, bere buruari galdetzen zion: “Zertarako ekartzen dut bizitza bat mundura, zer gertatuko da mundu honetan?”.
Orduan kezka berberak zituen.
Bai, hori da. Alde batetik, egunerokotasunaren edertasunari buruz hitz egiten zuen eta beste aldetik, bere kezkak eta beldurrak islatu zituen. Orduan, keinu moduan, berari eskaini dizkiot olerki hauek. Uste dut paralelismo bat dagoela bi liburuen artean. Nire aita eta nire ama idazleak izanda, normala da eragin handia izatea beraiengandik. Nire gurasoak beti ikusi ditut literaturarekin gozatzen. Nire ahizpa (Laura) ere idazlea da. Nire gurasoek literaturan zoriontasuna aurkitu dutenez, guk ere hara joaten gara zoriontasunaren bila.
Zoriontsu sentitzen zara poemak idaztean?
Nik ez dut bizitza beste modu batean ulertzen. Sentitzen dudana hitzetan jarri behar dut. Etxean betidanik ikasi dugu sentitzen genuena era batean edo bestean komunikatzen. Nire etxean, erantzun guztiak artean aurkitu ditugu.
Eta zer iruditu zaio aitari poema liburu hau?
Hori dibertigarria da. Beti galdetzen didate zergatik idazten dudan euskaraz, eta arrazoi askoren artean, bata da horrela nire aitak ez nauela ulertzen. Berak ez du euskaraz hitz egiten.
Alde pertsonalean, badira aitortza momentu batzuk: “Zenbait egunetan nire bizitzak ere baditu bigarren eskuko bizitza baten zarramazkak”, esaten duzu.
Poemarioa hainbat lekutan ida-tzita dago (Hong Kong, Yakarta eta Londresen) eta oso egoera ezberdinetan, baina olerki asko konfinamenduan idatzita daude. Beraz, gure bizitzari buruz asko pentsatzeko denbora izan genuen: Non nago, nora noa?
Zure poemak edozein lekutan sortu daitezke. Adibidez, hozkailu bat begiratzen...
Hozkailuaren poema hura asko gustatzen zait. Sentsazio ezberdinak daude: ur tantak lurrera erortzean egiten duten soinua, usainak, hotza... Eguneroko eszena horrek munduaren metafora bezala erabili dezakegu. Aldi berean, nire bizitza pertsonalean gertatzen ari zena islatzen du. Poema horretan badaude bi amaiera: hozkailuarena eta nire bikote harremanaren bukaera. Eta, agian, munduaren amaiera. Interesgarria izan da alde pertsonalaren eta naturaren arteko paralelismo hori sortzea.
‘Hirietan’ poema bilduma argitaratu ondoren, zuretzat etapa literario berri bat ireki da?
Agian ekialdeko poesiaren eragina desagertu da eta beste eragin batzuk ikus daitezke. Eskandinaviako eta Europako iparraldeko idazle asko irakurri ditut, eta baita ere Ipar Amerikako poeta indigenak, naturarekin harreman estua dauzkatenak. Bai, bilakaera bat izan da nire idazketo moduan, baina nik uste dut nire ahotsa berdina dela.
Beatriz Chivite Ezkieta. Iruñean 1991ean jaio eta oinarrizko hezkuntza mailak Burlatan egin ostean, Nazioarteko Batxilergoa Duinon (Italian) egin zuen. Horrezgero Beijing, Venezia, Kathmandu, Paris, Jakarta edo Taipei izan ditu bizileku. Filologia txinatarra eta arte historia ikasketak egin ditu Londres eta Hong Kongen eta arkitektura erakunde, museo, zinemal jaialdi eta anbaxedetan ibili izan da lanean. Txinako esperientziak 'Pekineko kea' (2017) bere lehen olerki liburuan isuri zituen, eta ondoren beste batzuk etorri dira, 'Metro' (Lauaxeta saria) edo 'Biennale' (Blas Otero Poesia lehiaketa). 2020an 'Hirietan' argitaratu zuen, euskeraz, galegoz eta gazteleraz.