Nafar Hizkuntza
'Orantzaroa ilunbetik argitara' atera dute Leitzan
Leitzako ALKE kultur taldeak argitaratu berri du ipuina, Orantzaroaren inguruan herrian jasotako usadio eta kontakizunekin osatua. Josketa kolektiboa izan dela diote, helduen transmisio lana behar duena, belaunaldi berriei eskeinia


Actualizado el 10/12/2025 a las 08:36
'Orantzaroa ilunbetik argitara’ itzultzea du helburu Leitzako ALKE kultur taldearen “josketa kolektiboak”. 2007an abiatutako asmoak, ikerketak, dokumentazio lanak fruitua eman du, oraingoz liburu formatuan. Joan den ostiralean aurkeztu zuten herrian. Haurrei zuendutako ipuin ilustratua da, helduen transmisio ariketa eskatzen duena.
Juan Mari Barriola Gogortza orain dela 18 urte ikerketa lanetan hasitako leitzarra da. “Emai-tzak izugarriak izan dira. Etxe eta baserrietako suaren epelean gordetzen ziren kontakizun horien berri izatea lortu genuen. Leitzako adineko herritarrekin izandako hainbat elkarrizketen bidez eta Leitzan Orantzaroa ospatzeko usadioaren nondik norakoak jaso genituen”, azaldu zuen Barriolak.
Aldi berean, “aspaldian Orantzaroa denbora tarte bat” zela azpimarratu zuen, “solstizioarekin lotua eta herrian horrekin lotutako hainbat erritu zeuden: su berria, Oran-tzaroaren panpinak...”. Ospakizuna indartu Barriolaren esanetan, “orduan jasotakoa oinarritzat harturik eta uneko joera ezberdinetara egokituz, ALKEk ospakizuna indartu egin du azken urteetan”. “Eta ipuin honen helburua Orantzaroaren ospakizuna indartzea litzateke, haur eta familien eremuan egin daitekeen transmisio lana hauspotuz”, zion. “Naturaren zikloek duten indarraz ohartu gara”, erreparatu zuen Barriolak. “Hain zuzen ere, Animen Gauaren, Orantzaroaren, Ilbeltzeko zintzarri jotzearen eta ihoterien josketa egin dugu ipuin honetan, negutik udaberrira bitarteko bidea marraztuz”.
Liburua hurrengo esamoldetik abiatu zen: “Herio begi-gorri, Orantzaroa begi-gorri eta otsoa begi-gorri”. Honi tiraka, sorkuntza prozesua kolektiboa izan dela diote. Batik bat, Saioa Mendia, Juan Mari Barriola, Mikel Alkoz eta Eñaut Lasartek hartu dute liburuaren osaketaren ardura. “Sortze ariketa bat baino gehiago, josketa ariketa bat izan da”, esan zuen Eñaut Lasartek. “Ipuina osatzen duten gertaerek eta elementuek Leitzako usadioetan dute iturria eta gure zeregina, hauek josi eta istorioa haurrentzako egokitzea izan da”, azaldu zuen. “Ikerketa horri ez bazaio gorputza ematen ez da transmititzen eta galdu egiten da”.
Mikel Alkozen ilustrazioak borobildu dute lana. Sukarra medio, ezin izan zuen ostiralean aurkezpenera hurbildu, baina lankideek argi utzi zuten, hitzek bezainbesteko garantzia dutela Alkozen ilustrazioek, “kolore iluna eta biziak, hotza eta beroa, argia eta iluna, binomio horiekin egiten dute jolas, natura, gaua eta suaren indarra ardatz harturik ipuinaren mezua adierazten” saiatu da, “misterio edo intriga puntu bat ematen”. Eskolak eta familiek Umeei zuzendutako lan honetan, eskolak eta familiek ere istorio honen transmisiorako garrantzi handia hartzen dutela diote.
Eta hau kontutan hartuta, ipuina euskaraz izanagatik, ALKEren webgunean Leitzako hizkuntza anitzetako itzulpenak ere eskuragarri jarri dituzte, esaterako “kitxuerara, arabierara, errumanierara, urduerara, gaztelerara, frantsesera, ingelesera edota zeinu hizkuntzara”. “Gure herriko ondare hori beste hizkuntzetan ere konta daiteke”, uste dute. “Gainera, Leitzaldean hitanoa biziberritzeko egiten ari den ahalegin horrek ere istorio hau zeharkatu du. Kontutan izan behar da, abenduaren 24ko iluntzean, Maimur eta Orantzaroa eta gaueko hainbat pertsonaia Leitzako plazara bertara-tzen direnean, hiketan aritzen direla, horregatik horren isla ere izan da ipuina”, argitu dute sor-tzaileek.
