Musika
Maider Aranburu, Lausoka taldeko abeslaria: "Gure kantak konprometituak dira"
Laukote iruindarrak rock, metal eta blues nahasten ditu. Aurten hamar kantuz osaturiko lehen diskoa argitaratu dute, ‘Lausoka’. Heldu den larunbatean kontzertu bat emango dute Lizarrako Gaztetxean, 22:00etan


Publicado el 26/12/2023 a las 05:00
“Introspekzio bidaia bat, erritmo, riff metalero eta ahots melodikoen artean” lelopean definitzen dute Lausoka talde gaztearen musika. 2021ean jaio zen, Iruñean. Eneko Aldaia (gitarra) eta Julen Gil (bateria) hasi ziren proiektuarekin, gero Iosu Berrade (baxua) batu zitzaien eta Maider Aranbururekin (ahotsa) laukotea osatu zuten. Aurten 10 kantuz osaturiko lehen diskoa argitaratu dute, 'Lausoka'. Kantak euskeraz dira eta gai anitzak jorratzen dituzte, introspektiboak denak, hala nola: heriotza, antsietatea, kemena, kritika soziala eta emakumearen goraipamena hain zuzen ere. Bestalde, bost single kaleratuko dituzte, azaroa eta urtarrila bitarte, batzuk bideoklipekin. Lehenengo hiruak, 'Gero', 'Laia' eta 'Hasperenka', plataforma guztietan entzungai daude.
Durangoko Azokan egon zineten. Nolako esperientzia izan zen?
Guretzat Durangoko Azoka arrainontzi bat bezala da, eta hor barruan gu arrain txiki bat ginen. Beste musikariekin ere partekatu genuen gure musika. Durangon egotea oso esperientzia polita izan da. Jendea gure proiektua ezagutzera hurbildu zen eta hori eskertzekoa da.
Taldea duela bi urte sortu zen. Ze helburuarekin?
Esan beharra daukat ni izan nintzela taldean sartu zen azkena, beraz, nolabait nire taldekideek bazuten lotuta taldearen norabidea. Rock-metal talde bat osatzea nahi zuten, eta abeslaria emakumezkoa izatea. Gure hasierako asmoa gehiago zen probatzea, gure musika estilo ezberdinekin esperimentatzea. Lau gara, baina bakoitzak etxetik dakar bere estilo propioa eta denok gure aletxoa jarzen dugu.
Nolakoa izaten da kantak lantzeko prozesua?
Pixkat denetarik. Entsaio oparoak egin ditugunean, orduan topera egon gara erritmoak eta melodiak probatzen, edo gitarraren riffak... Bestetan, norbaitek esaten zuen: “Begira, hau etxean grabatu dut. Honen gainean, zer erantsi ahal diogu?”. Orohar, oinarri instrumental bat egonda, horren gainean eraikitzen dugu ahotsa eta letra.
Zure estiloari dagokionez, nora jotzen duzu?
Nik uste dut artaldeko ardi beltza naizela (farra egiten du). Rocka gustatzen zait, baina nire influen-tziak soul, blues eta horrelakoak dira. Beraz, ahotsaren melodiak oso melodikoak dira, kolore propioekin. Eta Euskal Herriko mailan, beste influentziak aipatuko nituzke: Liher taldea, Izaro... Hau da, intimistagoak direnak, bai letretan eta bai kantatzeko eran.
Orduan soul ukitua zure ekarpena da...
Bai, nire ñabardura da. Aldi berean, metalaren eragina nabaria da. Nire taldekideek badituzte beste erreferenteak: Royal Blood, Berri Txarrak, Nimbus, Jinjer... Bi estiloak uztartu ditugu.
'Lausoka' diska “introspekzio bidaia bat” bezala aurkeztu duzue. Zergatik?
Introspekzio hori, batez ere, letrei begira da. Niretzat hau izan da nire lehenbiziko musika taldea eta pertsonalki, asko lagundu dit ziurtasuna lortzen, adibidez eszenatoki batera igotzeko eta tabu askorekin hausteko. Gure letrak konprometituak dira. Adibidez, badago kanta bat ('Gela bat norberarena') oso feminista dela, emakumearen botereaz hitz egiten duena.
Kantu hau zure esperientzia pertsonaletan oinarrituta dago?
Bai, esperientzia orokorrean: batez ere emakumeok gure egunerokoan jasaten ditugun gauzetan. Nik azpimarratzen dut gure artean babestu eta lagundu behar dugula, are gehiago emakume musikarien artean. Nik uste dut kantu hau kriston indarra duela.
Disko honetan gai anitzak jorratzen dituzue: antsietatea, kemena, kritika soziala... Hamar kantu hauetatik, zuretzat zein da borobilena?
Galdera zaila! ‘Temazo’ bezala, 'Helmuga' aipatuko nuke. Badu riff errepikakor bat, egitura zehatz bat, badu indarra... Agian publikoaren belarriarentzat errazagoa da. Bakoitzak bere buruarekiko konfidantza izatea aldarrikatzen du.
Zer dela eta hasi zinen musikaren munduan?
Txikitatik izan dut musikarekiko joera. Ni txikitan oso lotsatia nintzen. Beste aldean, nire gustoko gauzak horren aurka egiten zuten: antzerkia egitea, dantzatzea, abestea... Baina nerabezaroan musikaren kontua utzi nuen: lotsa ematen zidan, ez nintzen ausartzen, kritiken beldur nintzen... Gero musika nire arma bezala hartu nuen eta apostua egin nuen. 18 urtekin nire lotsa hautsi nuen eta 3indarrok elektrotxarangan sartu nintzen. Gero, Lausoka taldean sartuta, letrak idazten hasi nintzen.