Xabier Olarrak itzulitako ‘Bortxaketa’-rekin sartu da Joyce Carol Oates idazlea euskarara
Iruñeko Igela etxeak argitaratu du talde bortxaketa baten inguruan amerikar idazleak sortutako eleberria


Publicado el 18/12/2023 a las 21:06
Joyce Carol Oates, 85 urteko idazle estatubatuarra, urtero Nobel sarirako aipatzen diren hautagai horietakoa da. Idazle prolifikoa, genero guztiak ukitu ditu, hainbat ezizen erabiliz. Baina orain arte ez zegoen bere libururen bat euskaraz irakurtzeko aukerarik.
Bartzelano Udalak 2020an Pepe Carvalho saria eman zioenean, nobela beltzan izan duen ibilbidea aitortzeko, epaimahaiak “hainbat ikuspegietatik biolentziaren gaiari eta haren garrantzia psikologiko eta sozialari egiten dion hurbilketa pertsonala eta generoa gaur eguneko mundura irekitzeko eta mugak gainditzeko egin duen lana” aipatu zuen. Hitz horiek Xabier Olarra idazle, itzultzaile eta Iruñeko Igela argitaletxeko sortzaileak irakurri zituen, eta bere buruari galdetu zion nor ote zen Joyce Carol Oates hura. Hor kokatzen da 'Bortxaketa: Amodiozko istorio bat' euskaraz argitaratu berri den eleberriaren abiapuntua.
Joyce Carol Oatesek 2004 urtean idatzitako nobela laburra da eta talde bortxaketa bat konta-tzen du bertan. “Baina ez da batere manikeoa, oso sinisgarriak egiten zaizkigu nahiz erasotzaileak nahiz biktimak, emakumea eta bere alaba”, azaltzen du Inazio Mujika Iraola idazleak.
Liburua uztailaren 4an koka-tzen du Joyce Carol Oatesek, Estatu Batuetako Independentzia egunean, Niagara Fallsen, New York estatuan. Teena Maguire emakume alarguna da, etxera doa hamabi urteko alabarekin, parke bat gurutzatzean gazte kuadrilla bat hurbildu eta bortxatu egiten dutenean.


Biktimak sentitu duenera hurbiltzen du irakurlea, bere buruari galdetu diezaion nola den posible horrelako zerbait gertatzea.
“Gertaera bera baino inportanteagoa da sistema judizialiari egiten dion begirada”, azaltzen du Olarrak. “Zer irtenbide izango du horrek? Sistema judiziala boteretsuen alde dago, dirudunen alde. Bakarrik esango dut berak jendeak ahal duen moduan jeiki eta bere esku duenarekin bidea egiten uzten duela”.
Idazlearen biografian gauza aipagarriak aurkitu ditu Olarrak, gero bere liburuetan topatu dituenak. Hala, oso gazte zelarik hil zorian egon ondoren, takikardiare gaia maiz aurki daiteke bere pertsonaietan. “Esperientzia traumatikoak izan dira eta markatu zuten”, azaltzen du Olarrak. Hogeita hamabi urte zituela, bestalde, esperientzia mistiko bat izan zuen, “bere gorputzetik aterata eman zituen hamar minutu, eta geroztik hori nondik nora azaltzen pasa ditu hainbat urte bere idazkeran”, dio. Bi aldiz gelditu da alargun, bestalde, eta horrek ere bere pixua izan du.
Liburuaren azala Araiz Mesanzak egin du, hainbat esku baliatuz. Gai nahiko aztun honen aurrean, azala arin bat egin nahi zuen. “Nire intentzioa izan da dena aldatzen duen keinuaren tentsioa irudikatzea, erasotzailaren intentzioak adieraztea eta baita baimenarik gabeko ukitzea”.
‘BORTXAKETA: AMODIOZKO ISTORIO BAT’
Egilea: Joyce Carol Oates
Argitaletxea: Igela
Itzultzailea: Xabier Olarra
Orrialde kopurua: 200
Salneurria: 21 euro