Literatura
Toure Kanariar uharteetara bidali du oraingoan Jon Arretxek
Alexis Ravelo idazle kanariarrari omenaldia egin nahi dio detektibearen sortzaileak 'Musker amarruak' sagaren hamargarren liburuan


Publicado el 04/12/2023 a las 14:43
Kanarietan ospatzen den nobela beltza jaialdi baten hartu zuen parte Jon Arretxek pasa den urtarrilean. Han kazetari batek iradokitu zion Toure, bere ezohiko detektibea, uharteetara eraman zezan. “Behar bada”, erantzun zuen berak. Handik hamabost egunetara, alabaina, Alexis Ravelo idazlea hil egin zen. “Kriston paloa izan zen”, dio Arretxek. “Niretzako nobela beltza idazle onena da Espainian, gainera lagun handia, eta orduan bai, erabaki nuen Touré Kanarietara eramatea, Alexisi omenaldia egiteko”, azaltzen du. Hala, azkenaldian Bilboko San Francisco auzoan ibilitako etorkin burkinarra Las Palmasera bidali du Arretxek, La Isleta auzora hain zuzen, sagaren hamargarren liburu honetan, 'Musker amarruak' (Erein).
Beti bezala Toureren helburua bizirik irautea izango da. Denetik egin izan du horretarako orain arte, opera figurante, gigolo, buruhandi, zezen susko, putetxe bateko atezain, etorkizunaren iragarle... eta oraingoan kanariar borrokaren kirolean -eta bere inguruko apustuetan- murgilduko da.
Alexis Raveloren Eladio Monroy pertsonaia liburuan sartu du Arretxek, omenaldi gisa, baina gainontzekoak han ezagututako jende errealean inspiratu da. Bere lan sistemari fidel, aurretik Arretxe bera joan zen hara, nobelako bazterrak ezagutzera.
Barku baten ezkutatuta heltzen da Toure Kanarietara, Bilbotik ihes egiten. Etorkizunen zentro baten sartzen da lehenbizi, handik botatzen duten arte. Ortu baten tomateak lapurtzen 'Escaleritasko Muskerra' pertsonaiarekin egiten du topo, okupatutako bunker baten bizi dena. Leku bat egiten diote han Toureri, eta han egiten du bere taldetxoa. Beste pertsonai batzuren artean korear jatetxe bateko jabe xelebrea -nahiz eta 40 urte han eman gazteleraz hitz egiten ez dakiena-, ala txirula jotzen duen yonki bat agertuko dira, gehienak errealitateak Arretxeri oparitutakoak.
“Beldur nintzen, kontrolatzen ez dudan eremu bat da, San Franciscon oso seguru sentitzen naiz, pisu bateko giltzak dauzkat nahi dudanean joateko; Las Palmasen ez, baina suertea eduki dut”, dio. “Hara joan eta ibili, ibili eta ibili, tipo batekin hitz egiten hasi eta kontatu zidan gauzak… lagunak ere baditut, kazetaria, Alexisen neskalaguna eta beste lagun batzuk”.
Sagaren hamargarren liburua den heinean, bilakaera bat ikusten da Toureren bizitzan. Oraingoan nahiko triste edo zalantzez beteta agertzen da. Urte pila pasa ditu gure artean, eta denbora pasatzearen pisua nabaritzen hasten da. Hainbeste urteren ondoren, gainera, Kanariar uharteetandago, etxetik hain gertu, eta bere buruari galdetzen dio ez oten den izango amore emateko eta itzultzeko momentua. “Hala eta guztiz esango nuke dela nobela umoretsuena, nahiz eta abiapuntu tristea euki, Alexis Ravelorena eta Toureren duda horiek”.
Kritika soziala ere ez da falta, oraingoan surrealista kutsu batekin bada ere. Lehen kapituluan, adibidez, Batman agertzen da, baina hau ere benetako pertsonaia da. “Idazten nuen bitartean La Isletako Batman agertu zen pintada reibindikatibo bat egiten, prentsan agertu zen”, dio.
SERIEA, EUSKARAZ LEHENBIZI ETB1-EN
Toure detektibearen seriea udan grabatu zen Bilbon eta martxoan estreinatuko dute ETB 1en, euskaraz, eta beranguago gazteleraz TVEn. Sekulako ilusioa da Arretxerentzat, hasteko diru iturri ona delako. “Idatzetik bizi garenontzat saldutako milaka libururen parekoa da, eta gainera ateak irekiko dizkit”, dio. Baina are garrantzitsuagoa da beretzat Bilboko San Francisco auzoari justizia egingo diola. “Inportanteena perfile horretako jendea pixka bat desestigmatzea da, hainbeste sufritzen duen jende honi errespetu gehiagorekin tratatzea” espero du idazleak.
'MUSKER AMARRUAK'
Egilea: Jon Arretxe
Argitaletxea: Erein
Orrialde kopurua: 208
Salneurria: 21 euro.