‘Paziente isila’, Alex Michaelidesen ‘best seller’-a, euskaratu du Fernando Reyk
Nobela beltz honekin Erein argitaletxea munduan gehien saltzen diren liburuak euskarara itzultzen hasi da


Publicado el 14/04/2025 a las 16:27
Erein argitaletxeak bide berri bati ekin dio, best seller-ak euskaraz eskaintzearena. Uxue Razquin zuzendari editorialak kontatzen duenez zerrenda bat egiten zuten liburu entzutetsuenen izenburuekin eta bertan Alex Michaelidesen 'Paziente isila', munduan sei miloi eta erdi liburu saldu eta berrogei herrialdetan itzulitako nobela beltza, izan zen lehena.
Esan eta egin. Fernando Rey Iruñeko itzultzaileak ekarri du euskarara Zipreko idazlearen lana. Liburu originala, 'The Silent Patient', 2019an argitaratu zen eta euskarara 2025ean heldu da. “Ez dago oso gaizki, baina egia da adibidez nire inguruko jende askok lehendik irakurri zuela”, azaltzen du itzultzaileak. “Egia da batzuetan berandu ailegatzen garela, gure itzulpen sisteman indar pixka bat egin beharko litzake hizkuntza ahul minorizatu honi lagundu nahi badiogu”, gainera-tzen du.
Nola edo hala, jatorrizko eleberriaren arrakastarekin heltzen da euskara nobela misteriotsu hau. Isiltasunez betetako liburua da. Margolari ospetsu batek -Alicia Berenson- bere senarrari bost tiro jo, eta mutu dago harrezkeroztik. Eta hitz bakar bat ere esan nahi ez izate horrek misterio handia bihurtu du etxeko tragedia bat besterik ez zena.
Kasuarekin tematuta dagoen psikoterapeuta batek -Theo Faber- zoritxarreko gau hartan gertatutakoa argitu nahi du, eta Londres iparraldeko The Grove zentro psikiatrikoan hasiko da lanean hilketa gertatu eta handik sei urtera.
“Plot twist haundi bat dago eta beste efektu bat ere badago, orria pasatzearen efektua, irakurleak bukatu nahi du”, azaltzen du Uxue Razquinek. Fernando Rey itzultzailea ados dago. “Irakurlea modu aktiboan jartzen du testuak”, dio. Berak esaten du itzul-tzailea besterik gabe irakurle pribilegiatuak direla, istorioaren barrenean sartzen direlako, eta kasu honetan iraganaren zauriak, haurtzaroak uzten duen arrastoa, afektuaren beharra, osasun mentala eta zaurgarritasuna, isiltasunaren indarra eta erotasunaren erroak etorri zaizkio burura.


“Thriller psikologikoa da, nobela beltz psikologikoa, oso ondo egituratua, irakurtzeko adikzioa sortzen duena, irakurlea harrapatzen duena”, dio Fernando Reyk. “Ederki sortutako suspensua du oinarri eta badu tragedia grekotik eta Agatha Christieren estilotik ere, hau da, irakurlea adi dago, zer gertatzen da hemen, eta asmatu nahian edo ikertu nahian dago”, azaltzen du.
Suspense hori, gainera, oso ongi dosifikatua dagoela dio eta, Reyren esanetan, leiho batzuk irekitzen dizkio irakurleari: “Niri isiltasunaren nahia eta indarra, isiltasuna oihu bada ere, askotan, eta batzuetan biktimaren adierazpena indartsuena da”, dio. “Tragedia haundiak gertatzen direnean jendea mutu gelditzen da, ez daki zer esan”.
Haurtzaroaren garrantzia eta afektu premia ere nobelan badute pisurik. “Niri hori etorri zait burura, behin eta berriz ze ezinbestekoa den maitatua sentitzea maitatu ahal izateko, nola markatzen gaituen hori bizitzan, gabezia hori duenak nolako trabak dituen bizitzeko”, dio Reyk.
Osasunaren eta gaisotasun mentalaren arteko muga liburuan agertzen da, “bizitzan gauza batzuk nola eraman gaitzaketen sano egotetik hautsiak egotera”.
Estiloari dagokionez kapitulu laburrak dira, suspentsea pizten dutenak eta amua jartzen dutenak irakurtzeko segitu nahi hortan. Bi plano uztartzen ditu liburuak, narratzailearen haria, piskoterapeutarena, eta tarteka Alicia Gerensonen barne egunkaria. Elkarrizketa eta deskripzioei egiazkotasuna darie, itzultzailearen aburuz. Xabier Olarraren laguntza izan du lan hau burutzeko.
Alex Michaelides (Zipre, 1977) idazlea eta gidoilaria da. Ingeles Literatura eta Psikoterapia ikasi zituen. Heldu gazteentzako segurtasun-unitate batean lan egin zuen, eta esperientzia horrek materiala eta inspirazioa eman zizkion Paziente isila bere lehen eleberriarentzat.


‘PAZIENTE ISILA’
Idazlea: Alex Michaelides
Itzultzailea: Fernando Rey
Argitaletxea: Erein
Orrialde kopurua: 376
Salneurria: 23 euro