‘Hil kanpaiak’ filmarekin hasiko da Nafarroako euskal zinemaren zikloa
Imanol Rayo zuzendari arbizuarraren bigarren filma heldu den ostiralean proiektatuko da, Golem Yamagutxi zinemetan


Publicado el 24/01/2022 a las 06:00
Nafarroako euskarazko zinemari eta egile nafarrei ikusgarritasuna emateko helburuarekin, Nafar Ateneoak euskarazko film zikloa antolatu du. Hemendik ekainera sei filme proiektatuko dira Iruñeko Golem Yamagutxi zinemetan, hilabete bakoitzeko azken ostiralean. Proiekzioarekin batera solasaldi bat izango da filmean parte hartu duten gonbidatu ezberdinekin.
Proiektatuko diren filmeak aukeratzeko irizpideak bi hauek izan dira: euskarazkoa izatea (berez euskaraz errodatua edo euskarara bikoiztutakoa) eta Nafarroan errodatutakoa edo artista nafarrek parte hartu dutena: zuzendari, aktore....
Zikloa heldu den ostiralean hasiko da, Imanol Rayo zuzendari arbizuarraren bigarren film luzearekin: 'Hil kanpaiak'. Miren Gorrotxategiren '33 ezkil' eleberrian oinarrituta, 2020ko Zinemaldian lehian egon zen filma, ‘Zuzendari Berriak’ sailean. Lehen proiekzio honetako solasaldian, Imanol Rayok eta Dorleta Urretabizkaia aktoreak parte hartuko dute.
'Hil kanpaiak ‘thriller’ beltza da. Itziar Ituño, Eneko Sagardoi eta Yon Gonzalez dira antzezle nagusiak. Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertu dira. Etxekoek, Fermin eta Karmen senar-emazteek, Nestor semeari deituko diote eta horrek, berriz, Ertzaintzari. Baina ertzainak iristean, ez da hezurrik egongo. Segidan, hil-kanpaiak joka hasiko dira auzoko baselizan. Adur txarreko seinale horrek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu.
Imanol Rayok (Arbizu, 1984) Andoaingo Zine eta Bideo eskolan ikasi zuen zinema zuzendaritza, eta idazketa zinematografikoa Urnietan, Michel Gaztanbiderekin.
2011n bere opera prima zuzendu zuen: izenburu berdina duen Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako 'Bi anai', Zinemaldian ‘Zinemira’ saria jaso zuena.
Filmeak Golem Yamagutxin proiektatuko dira, hilabete bakoitzeko azken ostiralean, arratsaldeko 19:00etan.
Sarreraren prezioa 3 eurokoa izango da Nafar Ateneoko kideentzat eta 4 eurokoa kide
ez direnentzat.
Hurrengo proiekzioak:
'Bi anai'. Zuzendaria: Imanol Rayo
Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta.
Proiekzioa: otsailak 25
Hitzaldiko gonbidatua: Bernardo Atxaga
'Soinujolearen semea'. Zuzendaria: Fernando Bernues
Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta.
Proiekzioa: martxoak 25
'Obaba'. Zuzendaria: Montxo Armendariz
Bernardo Atxagaren eleberrian oinarrituta.
Proiekzioa: apirilak 29
'Ez izan beldurrik'. Zuzendaria: Montxo Armendariz
Proiekzioa: maiatzak 27
'Bihotz ondoko sekretuak'. Zuzendaria: Montxo Armendariz
Proiekzioa: ekainak 17