Activar Notificaciones

×

Su navegador tiene las notificaciones bloqueadas. Para obtener mas informacion sobre como desbloquear las notificaciones pulse sobre el enlace de mas abajo.

Como desbloquear las notificaciones.

RUPER ORDORIKA ABESLARIA

"Badira beste mundu aunitz"

  • Ruper Ordorikaren hogeigarren diskoa dela diote askok baina berak hamasei zenbatzen ditu, Hiru Truku taldearekin eta bildumak kontatu gabe. Edozein modutan, "Hodeien azpian" hau hamaika kantu berri biltzen ditu.

Imagen de la noticia
Ruper Ordorika, pasa den ostiralean, Iruñeko taberna baten. JOSÉ ANTONIO GOÑI
  • ION STEGMEIER . IRUÑEA
Actualizada 07/11/2011 a las 01:05

Hauteskunde kanpainaren lehen egunean dator Ordorika (Oñati, 1956) Iruñera Hodeien azpian, bere azken diskoa, aurkezteko. Anakroniko xamarra ikusten du berak kanpaina bere egitura horretan, baina politikan interesa galdu ez duen belaunaldikoa aitortzen du bere burua. Nork esango luke, 1980.an lehen diskoa plazaratzean, 31 urte beranduago hemen jarraituko zuela, indarkeriarik gabeko aro berri baten, musikaren "ikasbidean" oraindik ikasteko asko duela esanez. Momentuz, disko argitsua da honakoa. Baikorra. Umoreari tarte bat ere egin diona.

Lehengo abestian, Nirekin geratu, gonbidapen antzeko bat egiten diozu entzuleari, goxo goxo, diskoan sar dadin.

Hori esan zidaten behin eta harrituta gelditu nintzen. Nik ez dut inoiz horrela pentsatu. Baina garbi neukan hori behar zuela lehen kantua izan. Zerbait izango da.

Zu Ruper ez bazina, nola entzungo zenuke disko hau?

Era guzietara. Gaur musika asko entzuten da autoan, bidaian zoazela. Musikak ematen du banda sonora bat dela, baina ez, nik uste dut kantuak kantu direla, eta entzun daitezke banan banan edo denak batera. Ni soinuaz oso pozik nago.

Ez da gutxiagorako. Diskoa egiterako orduan perfekzionista xamarra zara? New Yorken grabatu duzu, musikari oso onekin...

Bai. Ni saiatzen naiz kantuek eskatzen didatena egiten. Aurrekoan ere han grabatu nuen. Lehendik ere baditut horrelako esperientziak Ingalaterran, Frantzian... beti kantuen bila. Kantu on bat naiz cassettean entzunda ona da, kantu txar bat egin dezakezu pittin bat hobetu, baina... ez.

Musikari hauek Ryuichi Sakamoto, Tom Waits, John Zorn edo Norah Jones tankerakoekin jo izan dute. Zu hara joaten zarenean nola hartzen zaituzte?

Badago harreman luze bat gure atzean. Baina ez balego ere, musikari handiekin jotzeak beti zu jartzen zaitu kolokan. Haiek ez dute inongo arazorik ulertzeko nik proposatzen dudana. Batzutan nirea da arazoa. Nik behar dut lasai hartu eta burua utzi joan dadin. Musikari handiek gero eta gehiago jo are gehiago gustatzen zait.

Eta beraientzat zure musika zer da, exotikoa?

Ez zait iruditzen. Ikusten dute oso gauza atemporal bat bezala. Ez dute ikusten inongo joera, ikusten dute ahots sendo bat, oso berezia beraientzako. Ezagutzen dute Euskal Herria, munduan zehar bizi dira eta kantua entzun eta musikalki erreakzionatzen dute.

Esan da diskoa baikorra dela, alaia... Hala sentitzen zara zu momentu honetan?

Ez bereziki. Egia esan disko hau asko lotzen dut azken bi urteekin. Gauza asko pasatzen dira bi urtetan. Danok bezala galera handiak izan ditut baina nik maite ditut eguneroko bizitzan laguntzen duten kantuak, eta gustatzen zait entzutea nire kantuak horrelakoak direla. Nahiago dut feeling hori momentu honetan.

Zuhaitz eroria abestian, aldiz, zaurituta ematen duzu.

Uste dut askok sentitzen ditugula horrela gauzak eguneroko bizimoduan. Oso irudi sinplea da, xumea, zuhaitz eroriarena hortaz hitz egiteko. Zerbait sortzeko beste zerbait hiltzen da. Kate hori oso zaila da onartzen bizitzan, baina hala da.

Mundua biltzen duen oihartzuna kanta Terrence Malick-en tankerako planteamendua ematen du: asko kontatu, gai traszendentalak, baina gauza sinpleen bitartez, naturako sentsazioekin-eta.

Bai, kantuak baditu libertade horiek. Ez dira tesi doktoralak, ez dute frogak eskatzen, baina hor bada sentipen bat, nik uste dut jende askok daukaguna. Irudipen hori da nahi genukeela zerbaitekin konektatu mundua ulertzeko eta gure eguneroko gorabeheren gainetik egoteko. Konektatzeko zerbaitekin, nahi duzun bezala deitu, deitu armonia, deitu edertasuna, baina nik uste dut nahi hori denok dugula. Eta kantu horrek oso irudi sinpleekin hortaz ari da.

Baina zuri interesatzen zaizun mundua hodeien azpitik eta sasien gainetik dagoena da, ez? Baduzu kezka erlijiosorik?

Erlijio araudi edo liturgi bezala agian ez hainbeste, ez naiz hortan emana,uste dut disko hau gehiago ari dela hodeien azpitik eta sasien gainetik dagoen mundu honetaz, baina ez dut dudarik: badira beste mundu aunitz. Seguru naiz. Eta askotan gure kezkek ez digute biderik ematen behar den frekuentzia harrapatzeko, behar den ulermen hori garatzeko. Gizakiak borroka handiak burutu behar ditu duinki bizitzeko.

Gero eta indar handiagoa duena mundu birtuala da, Twitter, Facebook... Gustatzen zaizu zuri?

Badut Facebook-en orri bat, ez daramat nik, baina oso aktiboa dena. Ez dut dudarik horiek denak bide berriak direla oraindik definitu gabeak, oraindik hasieran gaude, baino horrek asko markatuko ditu gure harremanak eta gure sormena. Uste dut aldaketaren erdian gaudela. Intuiziño hori daukat aspaldi eta gauzatzen ari da, musikan ere bai.

Musikan gertatutakoa ia iraultza bat izan da, ez?

Gatazka guzti horiek, gauza digitalak, pirateoak... hasieran besterik ez daude. Laster ezarriko da kanon berri bat horretan eta horrek eragin handia izango duela uste dut. Ez naiz bisionarioa inondik ere baina iruditzen zait estetikoki aldaketa izugarriak datozela. Baina horren barruan kantuaren ideia nik uste iraungo duela, beti iraun duen bezala. Beste sonoridade batekin, beste formatu batekin, beste erabilpen batekin, baina gizakiak behar du bere barrutik atera, ahotsa erabili eta hori beti gauzatuko da.

Atzera ere begiratzen duzu. Elias Ezkurdia aita jaunari kanta bat eskeini diozu. Egia da beti soinean daramazula espetxeratu zuteneko albistea egunkaritik moztuta ala lizentzia poetiko bat da?

Beno, lizentzia bat da baina egia da, baita ere. Eramaten dut gehienetan. Ez naiz batere emana gai horietara bainan halako batean beste baten testua irakurtzen etorri zitzaidan burura ze gutxitan garen gai berbalizatzeko gure historia bera.

Familia gehienetan horrelako istoria gogorrak izanda, gainera.

Bitxiena da horren aurrean ze itsu bizi izan garen. Agian galtzaileak ez zuelako horretaz hitz egin nahi askotan. Dira iraganeko gauzak eta behar duzu aurrera begiratu horrelako galerak edo gatazkak gertatu direnean. Ari nintzen irakurtzen poema bat poetisa handi batena, kanpotarra, non mintzo zen hain zuzen bizitzak askotan bukaerara doala iruditu arren nola aurrera egiten duen beti, eta aipatzen zuen Gernika, horren aburu bezala. Nire familiaren parte bat handik dator. Irakurtzen dugunean miresten dugun baten ahotik, eta kanpotik begiratuta, iruditzen zaigu oso sinesgarri. Aldiz, gutaz ari garenean hasten gara: agian interpretatuko dute hau, pentsatuko dute... horregatik egin nuen kantutxo hau.

"HODEIEN AZPIAN"

Egilea: Ruper Ordorika.
Musikariak: Skuli Sverrisson (baxua), Stephen Ulrich (gitarra elektrikoa), Kenny Wollesen (bateria), Gerry Z (Hammond). Gonbidatu bereziak: Ben Monder (gitarra) eta Arkaitz Miner (bibolina).
Argitaletxea: Elkar.



volver arriba
Continuar

Hemos detectado que tienes en Diario de Navarra.

Con el fin de fomentar un periodismo de calidad e independiente, por favor o suscríbete para disfrutar SIN PUBLICIDAD de la mejor información, además de todas las ventajas exclusivas por ser suscriptor.

SUSCRÍBETE