Xabier Letek bere azken poesia liburua aurkeztu zuen Planetarioan, "Egunsentiaren esku izoztuak", ia 300 lagunen aurrean. Mikel Laboa zenaren omenezko ekitaldia bihurtu zen.
GALERAREN minaren poeta dela esan zuen Joxe Angel Irigarayk (Pamielako editorea) Xabier Leteri buruz. Hamasei urte pasa dituela olerkirik argitaratu gabe, Iruñera etorri zen bere azken poesia liburua aurkeztera, Egunsentiaren esku izoztuak. Pasa den asteartean, ia 300 lagun bildu zituen Planetarioan, Pamiela eta Euskara Kultur Elkargoak antolatutako ekitaldian.
Benetako bizipenetan oinarrituta, Egunsentiaren esku izoztuakLurdes Iriondori eskeinita dago, Leteren emaztea hil zenetik hiru urte betetzen direnean. Liburuaren azken atala, Neguan izan zen, gertakari horren fruitua da.
Xabier Letek 17 olerki irakurri zituen, Joxan Goikoetxea akordiolariaz lagundurik. Joxe Angel Irigarayen esanetan, Leteren poesia bizipenen sorta bat da; poza, mina, oroitzapenak, ametsak eta galerak oinarritzat hartzen dituena. Adibidez, liburuaren bigarren atalaren inspirazioa, Udazkenekoak, udaren amaitzeak eragindako tristura da. "Nik uda asko eman nituen Nafarroan Lurdesekin, denboraldi luze batean Obanosen", kontatu zuen olerkariak.
Errezitaldia Mikel Laboa zenari eskeini zion. Bere adiskidea gogoratu zuen Joan zireneiliburuaren atala aurkeztu zuenean. "Gaur, Mikel Laboa deitu beharko genuke», esan zuen Xabier Letek.
Hain zuzen, 50 urte betetzen ziren kantautoreak bere lehendabiziko kontzertua Gaiarre Antzokian eman zuenetik. Ekitaldiaren bukaeran, aretoaren pantailan Laboaren argazki bat proiektatu zuten. Letek txalo handi bat eskatu zion publikoari, Izarren hautsaabestia entzuten hasi zen bitartean.
© DIARIO DE NAVARRA. Queda prohibida toda reproducción sin permiso escrito de la empresa a los efectos del artículo 32.1, párrafo segundo, de la Ley de Propiedad Intelectual