Ikerketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso du Euskarabidearen bitartez
Orreaga Ibarra eta Juan Karlos Lopez-Mugartza Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek Iruñeko gazte euskaldunen hizkeraren muestra bat bildu dute hainbat grabaziotan eta orain arakatu eta aztertu eginen dute hizkuntza-ikerketa bat egiteko asmoz. Helburua hizkera horren ezaugarriak argitzea da eta batez ere aztertzea nola nahasten diren euskara eta erdara gazteen mintzoan.
Ikerketa-asmo horrek Euskarabidearen dirulaguntza jaso berri du (2.475 euro), izan ere, Nafarroako Gobernuko erakunde horrek euskara ikertzeko aurten ematen dituen laguntzen deialdian onetsitako proiektuetako bat izan baita.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi irakasle hauek iaz egin zuten landa-lana eta grabaketetan bildutakoarekin corpus bat osatu dute, orain xehekiago aztertu behar dutena. Grabaketak gazteek beraiek egin izan dituzte, beren giroan, lagun taldean, tabernetan eta hainbat tokitan, izan ere, nahita saihestu izan da ikertzailearen presentzia naturaltasuna ez galtzeko.
Guztira hogei bat lagunek parte hartu izan dute, 15 eta 20 urte bitartekoak eta gehienak Iruñekoak. Denok D ereduan ikasiak edo ikasten ari direnak dira, eta haietako batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikoan daude jadanik. Ikerketan parte hartutako gazte gehienen euskara maila altua da, haietako askok EGA titulua gainditua dute.
© DIARIO DE NAVARRA. Queda prohibida toda reproducción sin permiso escrito de la empresa a los efectos del artículo 32.1, párrafo segundo, de la Ley de Propiedad Intelectual