E Z nator nafar euskaltzaleok -areago abertzaleak izanik- Nafarroaz izan dugun eta, oraindikan hein handi batean, dugun irudiari buruz mintzatzera. Bakean utziko dut, behin batez sikiera ere, gure imaginario zorioneko hori, nire irudian hainbeste pausu txar ematera eraman gaituena. Geure burua etengabe kritikatzea premiazkoa iruditzen zait baldin asmatu nahi badugu: funtsezkoen iruditzen zaizkigun ideiak irabiatu eta hankaz gora jarri. Baina alde batera utziko dut gaurkoz.
Nafarroako Gobernuak artearen esparruan izan dituzten merezimenduengatik sariak banatu dizkie berriki gazte batzuei. Ekitaldian, ez aurkezleen aldetik, ez inongo euskarri idatzian, ez da euskarazko hitz bakar bat ere ageri. Irudi luke Nafarroa Komunitate elebakar gaztelaniaduna dela, eta ez da horrela. Hala ere errealitatea gezurraren zirrikituetatik iragazten da: saridunen izenetan, arte-lanen izenburuetan... artistaren bat ere eszenatokitik euskaraz mintzo da.
Lotsatu gara jakitean Sanfermiñetan girotutako filma bat errodatu ahal izateko, non eta Navarreriako Karmen kalean, ikurriñak edo euskal giroa adierazten duen ikurrik ez agertzeko baldintza jarri duela Iruñeko Udalak. Ni neu pasatu nintzen goizean goiz kale horretatik zer gertatzen zen jakin gabe. Irreal eta artifiziala iruditu zitzaidan kalea hain txukun eta apainduta ikustea, benetako festetan ia agertzen ez diren Nafarroako kateez betea, eta benetan egoten diren bandera eta ikurrez hustua.
Filmeak erakutsiko du navarristek desira luketen festa giroa, pelikulan bai, botereak ematen duen indarraz inposatua, baina errealitatean existitzen ez dena. Gustukoa izanen dute zalantzarik gabe; amets kimerikoa besterik ez da izango ordea.
Ez sari banaketaren protokoloak eta antolamenduak, ez filmearen baimenaren baldintzek, ez navarristen ametsik zurrunenek ere, ez dute errealitatea aldatzen. Eta honek dio Nafarroan 16tik 24ra urte bitarteko hamar gaztetatik hiru euskaldunak direla, eta etorkizunean gehiago izanen direla. Horregatik, ura saskian nola, horrelaxe isurtzen da euskara navarristek hertsi eta isolatu nahi duten eduki-ontzi hits estutik.
Navarrismoak behar du bere Nafarroa imaginarioa, gezurrezko muntaia horri eusteko. Sabinoren ametsaren antzerakoa, baina kontrajarria: garbia, ez-kutsatua, hau da, euskara eta euskaldun zakarrik gabekoa. Eta horrela ez den arren, balitz bezala jokatzen du.
Josetxo Azkonak aspalditik erakutsi zigun utopia eta kimeraren artean bereiztea funtsezkoa dela. Utopiak energiak sortzen ditu, jendea elkartzen du helburu baten buruz. Kimerak -hel ezinezko ametsak- arrazoimena lausotzen du, begiak itsutu, monstruak sortzen ditu. Guk hazitako kimeraz ari zen, baina nabarrismoarenaz gauza bera esan daiteke.
Xabier Zabaltza Pérez-Nievas-ek zioen, ostegunean emandako hitzaldi jakintsuan, garaia dela bukaerarik gabeko norgehiagoka honi amaiera emateko, nafar espainiazaleok eta nafar euskaltzaleok -eta bietatik sentitzen garenok- leku komun bat aurkitu behar dugula, nafartasunaren kontzepzio berri eta abegikor bat, non nafar identitate guztien integrazioa posible izanen den.
© DIARIO DE NAVARRA. Queda prohibida toda reproducción sin permiso escrito de la empresa a los efectos del artículo 32.1, párrafo segundo, de la Ley de Propiedad Intelectual